Azken aldian LoRa delakoaren ur sakonetan murgildu naiz, Meshtastic aldaeran hain zuzen ere.

 

 

LoRa

 

LoRa irrati bat Bilbo inguruko mendietan

 

Ingelesezko *long range* hitzen laburdura da, eta irismen handia esan nahi du. Berez, irrati bidezko komunikazio-teknika da, helburu izanik hedapen handiko eta potentzia oso baxuko sareak sortzea.

 

Irrati-uhinak modu berezian modulatzen eta igortzen dira, zarata [elektromagnetiko] handia dagoen eremuetan ere uhinak jaso daitezen.

 

Inguru komertzialetan, sare horiek IoT gailuak elkarren artean konektatzeko eta monitorizatzeko erabiltzen dira nagusiki (ur biltegiak, kontagailuak…).

 

Inguru pertsonalean, komunikazioak bermatzeko zenbait proiektu sortu dira, deszentralizazioa eta —nolabaiteko— pribatutasuna aldarri dutela. Amaraun topologiako sareak dira.

 

Europan erabiltzen den frekuentzia beste komunikazio sistema batzuekin partekatua da (haurtxoen logeletako zaintza-gailuak, bideokamerak, garajeak irekitzeko aginteak…), eta, horregatik, potentzia eta igorpen-denbora (*duty cycle* delakoa) mugatu behar da, frekuentziak ez norbereganatzeko.

 

Hortaz, Meshtastic irrati bidezko komunikazioa da, baina —irrati amateurreak ez bezala— ez da lizentziarik behar; ez da beharrezkoa benetako izena erabiltzea; eta komunikazioak zifratuak izan daitezke. Hala ere, beti egongo da gailua jabearekin lotzeko edota elkarrizketak konprometitzeko nolabaiteko modua. Argi ibili era sena erabili!

 

Uhinak modu berezi honetan modulatu ahal izateko, irrati-gailu bat erabili behar da.

 

 

Aldaerak

 

Meshtastic

 

LoRa teknikaren zaporeetako bat da, xede duelarik azpiegiturarik gabeko [amaraun-]sare bat sortzea testu bidezko mezuak trukatu ahal izateko. Meshtastic instalatuta duen irrati edo gailu bakoitza nodo bilakatzen da, hots, sarea eusten duen zurtoinetako bat. Zenbat eta nodo gehiago, orduan eta sendoagoa izango da sarea, mezuak urrutiagoko nodoetara iritsiko direlarik.

 

Gogoratzen kattagorriaren istorioa? Adaburuz adaburu zeharka zezakeen iberiar penintsula, lurra ukitu barik. Halaxe dabiltza Meshtasticen partekatutzen diren mezuak: nodoz nodo. Geuk zehaz dezakegu zenbat *zuhaitz* edo nodotara ailegatu beharko liratekeen mezuak; ezarpen horri *hop* edo salto kopurua deitzen zaio. Mezu pribatuak bidaliz gero, bitartekaritza lana egiten duten nodoek ez dute mezuaren edukia ikusten.

 

Garapena duela bost urte hasi izanagatik, oraindik hastapenetan dagoen proiektua da, eta baditu zenbait arazo.

 

 

MeshCore

 

Meshtasticen antzeko egitasmoa da, baina lehenengoaren arazoei iskin egiten ahalegintzen da. Meshtasticek, besteak beste, mezuak gailu guztietara igortzen ditu behin eta berriro, mezua aurretik jaso bada ere (ezarritako hop edo salto kopurua bete arte); *flood* deritzo, eta nodo asko dauden egoeretan, sareak gainezka egiten du.

 

MeshCorek modu eraginkorragoan erabiltzen du espekro elekromagnetikoa; mezuen birbideratzea aproposagoa da.

 

 

Reticulum

 

Reticulum kriptografian oinarritutako sare-azpiegitura da, sare lokalak eta hedadura zabalekoak (WAN) eraikitzeko helburuarekin. Berez, ez da LoRa teknika darabilen sare bat, baina LoRa gailuetan ere instala daiteke. RNode: https:unsigned.io/rnode/

 

Ziurrenik, Reticulumek dauka ikuspegi politikoena (komunikazioen burujabetza eta zentsura aipatzen ditu), teknikoena (routerrak, errepikagailuak, packet radio… erabiltzea dago), seguruena (zifratutako komunikazioa izateaz gain, pribatutasuna bermatu aldera, ez du abiapuntuko nodoari buruzko daturik igortzen), eta ezaugarri gehien dituena (fitxategiak, argazkiak eta ahots-mezuak bidal daitezke).

 

Hiruren artean birbideratze eraginkorrena badu ere, aitzinean adierazitako edukiak igortzeak uhinak beteko lituzke, eta sareak gainezka egingo luke, Meshtasticen "uholdeak" eragiten duen bezalaxe.

 

 

Veilid

 

Reticulumen antzekoa, pribatutasuna du ardatz (Reticulumek baino gehiago), baina astunagoa da, baliabide gehiago behar ditu, eta ez dakit LoRa irratietarako balio duen.

 

 

disaster.radio

 

Disaster radio duela hamar urte baino gehiago sortu zen, eta asmoa zen hondamendi natural bat gertatuz gero komunikazioa bermatzea. Ekimen honen bereizgarririk handiena eguzkia erabiliz lortutako energia baliatzea zen.

 

Irratiak, mastetan jarrita eta hirietan zehar zabalduta, elkarren artean konektatuko ziren; irrati horiek haririk gabeko sarbide-puntu bat sortuko zuten, erabiltzaileak bertara konektatzeko.

 

Aplikazio propioa garatu zuten Androiderako, baina ez dut uste iOSerako sekula kaleratu zenik. Aplikazio horri esker, erabiltzaileek mezuak trukatu zitzaketen, eta mapa batean ikusi baliabideak non zeuden (ur edangarria, zauriak sendatzeko guneak…)

 

 

Aukera-kopuruak ez zaitzala beldurtu! Gailuak bateragarriak dira hemen zerrendatutako hiru zaporeekin (hirurak probatu eta gehien gustuko duzuna hautatu), baina sistema berbera erabili beharko dute mezuak trukatu ahal izateko, hau da, Reticulum exekutatzen ari den gailu batek ezingo du Meshtastic duen beste gailu batekin hitz egin.

 

 

# Oharrak

 

 

 

Frekuentziak

 

Munduko eremu geografikoaren arabera, frekuentzia bat edo beste erabiliko da (irratian bezala: ITU eremuak). Hori dela eta, Europan dabilen LoRa gailu bat litekeena da Hego Ameriketan ezin erabili ahal izatea. Telefono mugikorrekin antzera gertatzen da, kontuz Asiatik inportatuz gero!

 

Gainera, Europan bi frekuentzia erabiltzen dira LoRarentzat (izan Meshtastic, MeshCore edo Reticulum): 433 eta 868 MHz. Arreta handiz hautatu beharko dugu hardwarea, behin erosita ezingo dugulako ezarpenetan aldatu (autozaleentzat gasolina eta elektrikoa erostearen antzeko zalantza da). Antza denez, 868 da gure inguruan gehien erabiltzen dena.

 

Gailuak

 

Frekuentzia erabaki eta gero, noski, badaude beste hamaika aukera. Adibidez: gailu hauek mikrokontrolagailu bat daramate, ESP32 edo nRF52 izan daitekeena. Lehena merkeagoa da, baina bateria gehiago (5-10 bider gehiago) erabiltzen du.

 

Irratiak, gainera, *standalone* modukoak izan daitezke —hau da, independenteak, beste gailurik (mugikorra/ordenagailua) behar ez dutenak—, edo sinpleak, mugikorrarekin batera erabiltzen direnak.

 

Meshtasticen webgunean kontsultatu daitezke bateragarriak diren gailuak. Heltec, Lilygo eta RAK dira marka ezagunenak.

 

Bi gailuren argazkia

 

Nik bi irrati erosi ditut, Heltec V3.2 (ESP32 motakoa) eta Heltec T114 V2 (nRF52840). Lehenengoa Amazonen erosi dut, baita bateria ere, eta kanpoko karkasa 3D INNOVACION SIGLO XXI S.L enpresari inprimarazi diot (planoak Printables-etik deskargatu ditut); bigarrena, erabat muntatuta iritsi zait.

 

 

Prezioa

 

Merkeenak —ESP32— 72 euro balio izan dit (10 euro merkeago bateriarekin hasieratik asmatu banu), eta garestiena —nRF52— 150 euro inguru izan dira. Badago aukera merkeagorik.

 

Gailuek askotariko ezaugarriak izan ditzakete: pantaila bai/ez eta neurria, GPS antena bai/ez, bateriaren kapazitatea, antenaren luzera, teklatua, botoi kopurua, bestelako sentsoreak, USB C edo mikroUSB, karkasa, muntatuta edo gabe datorren… horiek guztiek prezioa baldintzatuko dute. Ez ahaztu bidalketa, inportazio-tasak (baleude)…

 

 

Heltec ESP32 V3.2 eta Heltec T114 nRF52840 V2

 

Badakit zerbait erosten dugenean burmuinak autobabeserako mekanismo bat aktibatzen duela, eta gure burua konbentzitzen dugula erosketa ona izan dela sinestaraziz.

 

T114ak V3.2aren bikoitza balio izan dit, baina uste dut merezi izan didala.

 

 

Lehen pausoak

 

Instalatu antena.

 

Gailua esku artean dugunean, onena Meshtasticen webgunea bisitatzea da, firmware egokia instalatzeko (edo eguneratzeko). Chrome, Edge edo Chromium nabigatzaile batetik flash.meshtastic.com-era joan eta jarraitu pausuak.

 

Behin firmwarea instalatuta, ireki Meshtastic aplikazioa mugikorrean, eta konektatu Bluetooth bidez. Frekuentzia ezartzea izango da lehen zeregina (868 MHz gure kasuan, hardwarearekin bat etorri behar da). Ezarpen bakoitza aldatzen dugunean, gailua berrabiaraziko da; izan pazientzia.

 

Gailuak beste nodo batzuen seinalea bilatuko du. Uhinak hobeto edo urrutiago barreiatuko dira eraikinik ez badago artean. Lagunduko du zeregin horretan, baita ere, antenak (zenbat eta luzeagoa orduan eta hobeto), eta —ziur asko— eguneko momentua: eguzkia ezkutatzen denean urrunago irits litezke. Prezipitazioak eragina du ere bai.

 

Nodoak Bilboko itsasadarrean

 

Bilbo aldean hamar gailu topatu ditut oraingoz. Jakina, ez daude piztuta uneoro.

 

Hedapena handitzeko, badago errepikagailu gisa joka dezakeen gailurik. Gainera, LoRa hardwareek energia gutxi behar dutenez, eguzki-panel txiki bat nahikoa izan daiteke etenik gabe martxan uzteko.

 

Nodoek batak bestea behar dutenez, batzuetan ez dugu inor ikusten, eta beste batzuetan urrutiko gailuak ikus ditzakegu, konexioa kateatuta dagoelako. Katebegi batek huts eginez gero, amaraun-sarearen kide asko eta askorekin komunikatzeko aukera galdu genezake, kale egindako hori bazen genuen sarbide bakarra.

 

 

Argigarriak

 

 

 

Matrix gunea

 

Erabiltzaile birekin lortu dut kontaktua, baina gazteleraz baino ez dute hitz egiten. Matrix gune bat sortu dut LoRa-ri buruz inork euskaraz egin nahi badu: #lora:berritsu.eu.org

 

 

Meshtastic 2.7.0

 

Meshtasticen 2.7.0 eguneraketak botoi bakarra baino ez dugunoi ere aurretiaz prestatutako mezuak igortzen uzten digu, sakelakoaren beharra gutxituz. *Canned Messages* dute izena, eta mugikorra behar da konfiguratzeko. Oso mezu laburrak izan beharko lirateke (200 byte-eko muga dago), eta nireak euskaraz daude:

 

 

Gogoeta azkar bat

 

Amaraun topologiako sareak lehendik ere erabili dira, besteak beste Hong Kongen 2014 eta 2019an, eta Herrialde Katalanetan 2017an. Normalean protestekin lotzen ditugu, orduan delako estatuek telefono-sareak oztopatzen dituztenean. Aipatutako kasu horietan, bluetooth bidez koordinatu ziren, telefonoan aplikazio bat instalatuta. Bluetooth seinaleek, ordea, irismen eskasagoa dute (10 metro, LoRaren 2-5 Kmen aldean), eta erabiltzaile andana beharko litzateke sare sendo bat osatzeko.

 

AEBen bilakaera autoritarioa ikusirik, amaraun sareek interesa bereganatzen ari dira ipar Amerikako herrialdeetan ere. Migratzaileak kanporatzeko poliziaren aurkako protestetan elkar komunikatzeko modu anonimoren baten bila dabiltza, eta hor agertu da Jack Dorsey (Twiterren sortzailea eta blockchainaren defendatzailea) bluetootha darabilen amaraun motako sarea sortzeko aplikazioarekin. Ez du arazorik konponduko. Baina egia da telefono guztiek bluetootha daukatenez, LoRa hedatzea baino errazagoa dela.

 

Beste batzuek, komunikazioa bermatzeko irratiak gakoa direla uste dute. Irratiari buruzko kontu guztietan bezala, batzuek uste dute hondamendi edo larrialdi egoera batean aproposak liratekeela sare hauek: hori da beren fantasia, jakintza eta jostailuak probatuko dituen egoera bizitzea. Ikusi beharko litzateke nola jarduten duten gailu txiki hauek horrelako erronkaren aurrean (iberiar penintsula argirindarrik gabe geratu zenean 2025eko apirilaren 28an, gutxik erabili ahal izan zuten Meshtastic, batzuen gailuak 433 zirelako, eta besteak 868).

 

Zentzu horretan doa webgune honetako testua: https:bowshock.nl/irc/

 

Herbeheretako aditu batzuek kezka azaldu dute, ez baitute uste —komunikazioaren ikuspuntutik— prest gaudenik arazo larri bati aurre egiteko:

 

Hodeiak estatubatuarrak izan ohi dira, eta hardwarea txinatarra. Baina lagun ditugu? Fida gaitezke? Hondamendi batean azpiegitura berrezartzen lagunduko gintuzkete? Haiek ere arazoak balituzte, argi dago gure beharrak haienen ondoren jarriko lituzketela.

 

Hala ere, ez da behar horrelako egoera bat bizitzea LoRa erabiltzeko: atzerrian gaudela lagunekin komunikatzeko balio dezake, telefonoan roamingik ez badugu; kontzertuetan, telefono-sareak gainezka badaude; mendian, seinalerik ez dagoen guneetan; edo, besterik gabe, esperimentatzeko eta ikasteko.

 

Oso interesgarria iruditzen zait Meshtastic proiektua, eta irrati amateurraren eta bluetootharen arteko erdibidea dela uste dut. Gure artean ez du hedapen handirik, eta horrek mezuen arrakasta mugatzen du, baina beste toki batzuetan gailu gehiegi daudela diote (Kalifornian…). Denborak esango digu arrakastatsua den edo, disaster.radio egitasmoa bezala, zahartu eta ahaztuko dugun.

 

 

Estekak (HTTP)

 

Meshtastic

Meshtastic flasher, firmwarea eguneratzeko

Chromium

muzi.works

printables karkasa

bateria handiagoetarako atzealdea

disaster.radio egitasmoa

 

__

2025eko ekainaren 30a, astelehena